Bada nonbait

Gure mundua biraka dabilen bitartean, bada nonbait herri bat geldirik dirauena, jatorrizko egoeran, eragin arrotzetatik salbu. Bere bakardadean zoriontsu sentitzen da, zoriontsua dela uste du; baina ez da egia.

Bestelako bizimodurik ez du ezagutzen, ezin du desiatu inoiz ikusi edo entzun ez duena, eta existitzen den guztia baduela uste du, ezin dela zoriontsuagoa izan uste du; baina bere barreneko hutsuneak ez dio zoriontsu izaten uzten.

Ezagutu. Hori da bere barrenak eskatzen diona, mundu berriak ezagutzea, egunero eta uneoro errealitate berriekin harremanetan jartzea, ezagutza berriak irensteko makina besterik ez baita gizakia.

Berrehun urte eskura banitu, edo bi mila, gizarte guztiak eta zientzia oro eta artelanen aniztasun osoa ezagutzeko, iraganeko, oraingo eta etorkizuneko jakintza guztiak neureganatzeko…! Bi mila baino, hogei mila balira, edo bi milioi, edo infinitu…