Amets

Egunsentiaren abesti alaiak esnatzen nau, eta oihal epelen artean, ez dut begirik zabaldu nahi, amestutakoa ezpainetan betirako nahi dut gorde.

Atzo gauean gertatutakoa, hemen bertan bizitakoa, nire oroimenean desioekin nahasten dut; ez dut gogoratuko, ez dut gezurra dela jakin nahi, hobe dut ahaztea, ametsa luzatzea, eta oraindik nire barrenean, nire bihotzaren sakonean, odola piztu zidan hori modu basatian sentitu.

Sentitzen dut zure azal zuria nirea laztantzen, zure ile-adatsen lurrina nire burua zoratu arazten, ezpainen beroa, begi hezeak… hemen bertan bazeunde bezala, nire gorputz biluziarekin bat eginik, bi arimak batean.

Ausartu naiz, azkenean, begiak zabaltzera, astiro, egunaren argia bat-batean ezin harturik, eta hor zaude, lo; egia da, ez zen ametsa zure beroa sentitzen nuela, inongo ametsetan ezin baita hain neska ederrik izan.

Zuri begira nago orain, denboran galduta. Zure aurpegiko irribarre lasaia, begi itxien argia, zure esku samurrak, izarak estaltzen ez duen bularra… nahiago nuke ametsa balitz, betiereko amets.