Zu

Gaur, goizeko argia bailitzan, zure irudiaren gogoak esnatu nau, ekaitzak begirada lausoaz baretuz, hodei euritsuak emeki alboratuz, eguzkiak besarkatu nazan. Zure begi sakonak oroituz, zertzelada arinaz margotutako ezpain horiek irudikatuz, hasi da niretzat eguna, jaio da Izadiaren indar sortzailea, sortu da Bizitza.

Gaur goizean zure irrifarra entzun dut, jendetzaren ohiuaren azpitik atera nahirik, arantzen mehatxuen artean jaiotzen den lorea bezala, ahula, lotsati, hauskor. Une labur batez ikusi zaitut, zure arima behin bakarrik arnasteko bezain laburra, begirada iheskor bat baino ez; milaka munduren historia biltzeko gai den begirada, ordea.

Goizeko lanbroa bezain iragankorra, kale okertuen artean egin didazu ihes, zuri begira nengoela konturatu gabe. Zugandik geroz eta urrunago nengoenean, gure gorputzak aldendu ahala, nire begiek jarraitu zaituzte, nire arimak zure alboan zirauen.

Zure irudiaren itzala goizarekin batera desagertu denean, zure gogoa besterik ez zait geratzen, egunsentia itzuli arte dudan bakarra.