autoritatearen aurka
Gure aukeraketarako askatasuna estutzen duten horiek, gure mugimenduak mugatu eta gure sormenari, gure geinuari, gure gizabanakotasunari ateak ixten dizkiotenak, gure etsaiak dira, hitzaren esanahirik gordin eta muturrekoenean. Euren aurka intsumisioa eta errebeldia besterik ez daiteke, euren autoritatearen aurka erresistentziak eta protestak besterik ez dute balio.Askeak dira autoritarismoa, portaera-arau arbitrarioak eta moralistak eraginkortasunez identifikatzen dakitenak, eta euren erasoei sendotasunez gailentzen zaizkienak. Askeak dira askatasunez aukeratzen dutelako euren bidea, eta askatasunez erabakitzen dutelako autoritateari mesprezua egitea. Askeak dira ezerk ez duelako euren kontzientzia baldintzatzen.
Baina ez dezagun ideia hauen ordena nahastu: bakoitza printzipioz askea izan daiteke, eta bere askatasunaren ondorioz autoritatea gaitzestea; baina honek ez du esanahi autoritatea gaitzesteak askea bihurtzen duenik.
Gizabanako batek portaera-arau ezarriak sistematikoki betetzen dituela ikustea baino tamalgarri eta zoritxarrekoagoa da neurri berean sistematikoa den ez-betetze baten lekuko izatea, modu berean artifiziala dena. Pentsa ezazu orokorrean onarturiko portaera-arauak behin eta berriro desafiatzen dituen pertsona horrengan, imagina ezazu autoritatezko irudiengandik datozen agindu zein debekuak onartzen ez dituen hura, eta hala ere bere lagun-taldearen onespena etengabe bilatzen duena, uneoro bere kideengandik euskarri diren begiradak jasotzea behar duena bere portaera zuzena dela jakiteko. Baieztapen-keinu baten bilaketa horrek, artaldearen berrespenaren behar horrek, salatu egiten du: ez da askea, leoi mozorroa daraman ardia besterik ez da.